Pour en finir avec la démocratie participative, Manon Loisel eta Nicolas Rio, Éditions Textuel, 2024
Demokrazia parte-hartzailea amaitzea izenburu probokatzailea da; edukia, ordea, poztu gaituen haize freskoa da.
Liburua oraindik ez da beste hizkuntzetara itzuli. Frantziako toki-erakundeei aholkularitza ematen dieten eta Sciences Po Parisen irakasten duten bi pertsonek idatzi dute. Oso ondo ezagutzen dituzte erakunde horien geruzak eta konplexutasun-mailak, baita hautetsien eginkizun eta botere-maila desberdinak eta administrazio publikoa ere, sarritan ikusezin bihurtzen den eragile nagusia.
Honako diagnostiko hau egiten dute: erakunde politikoen legitimitate-krisia arintzeko —abstentzioa, konfiantzarik eza, manifestazio bortitzak eta abar—, parte-hartze mekanismoak ugaritu egin dira sistema politikoaren ertzetan. Hala ere, egileen arabera, demokrazien arazoa ez da hainbeste herritarrek adierazteko aukerarik ez izatea, baizik eta erakundeek ez entzutea. Parte-hartze mekanismoetatik sortutako gomendioek ibilbide mugatua izaten dute. Herritarrei entzuteko erakunde publiko baliotsuak daude, hala nola Herriaren Defendatzailea —Arartekoa Euskadin—, baina haien jardun-eremua mugatua da.
Bestalde, herritarren parte-hartzerako edozein mekanismok batez ere entzuten ez diren pertsonak entzutera bideratu beharko lukeela defendatzen dute. Deliberaziozko minipublikoek zozketa zibikoaren bidez lortu nahi dute hori; hala ere, mekanismo batzuek ez dute hezkuntza formal gutxiago duten pertsonen integrazioa errazten, hizkera instituzionala erabiltzera edo desberdintasun-egoeran dauden beste profil batzuekin lan egitera behartzen baitituzte.
Egungo moduan sistemaren periferian mekanismoak sortu beharrean, egileek sistemaren muina eraldatzea eta gaur egun ia ez dagoen deliberazioa sistema politikoan txertatzea proposatzen dute. Deliberazioa honela ulertzen dute: erabaki bat hartu aurretik dauden eztabaidak eta horiek konpontzeko modu desberdinak era antolatu eta gardenean erakutsi eta ezagutarazteko mekanismo gisa.
Halaber, legegintza-batzarretan entzuten ez diren pertsonei lekua ematea proposatzen dute, bi modutan. Deliberazio informatu batek gai bati buruzko ikuspegi desberdinak azaltzen dituzten adituak behar dituen bezala, normalean entzuten ez diren pertsonak sistematikoki gonbidatzea proposatzen dute, lehen pertsonako lekukotzak eman ditzaten, ikuspegien aniztasuna zainduta. Era berean, gizarte zibil antolatua, bere aniztasun osoan, ezagutza-iturri gisa txertatzea defendatzen dute.
Testua oso aberatsa da eta bide ugari proposatzen ditu. Ausartenak zozketa zibikoaren bidez aukeratutako pertsonak lurralde-maila guztietako legegintza-batzarretan sartzea proposatzen du, batzarrak osatzen dituzten hauteskundeetako abstentzio-mailaren proportzioan. Hauteskunde batean abstentzioa % 50ekoa balitz, esaterako, batzarraren % 50 ohiko hauteskunde-sistemaren bidez hautatutako pertsonek osatuko lukete, eta beste % 50a zozketaz aukeratutako herritarrek, hautetsien profilak osatzeko. Zozketaz aukeratutako pertsonak legegintza-batzar batean sartzeak —udaleko osoko bilkuran, autonomia-erkidegoko parlamentuan edo Diputatuen Kongresuan— erabakiak hartzeko deliberazio-prozesuak aktibatzera behartzen du, pertsona horiek ez baitatoz aurrez zehaztutako hauteskunde-programa batekin. Informazioa bildu, aukera desberdinak ulertu eta erabaki aurretik gainerako kideekin deliberatu behar dute.
Azken proposamen hori utopikoa da gaur egun, baina egingarria iruditzen zaigu. Belgikan badira dagoeneko minipubliko mistoak —deliberative committees direlakoak, % 25 arduradun politikoz eta % 75 zozketaz aukeratutako herritarrez osatuak— eta emaitza onak ematen dituzte: gomendioak ziklo politikoan hobeto txertatzen dira, eta politikariek proposamenak aberasten dituzte herritarren ekarpenak hobeto ulertu eta, beraz, hobeto entzuten dituzten bitartean.
Manon Loiselek eta Nicolas Riok dioten bezala, gure demokraziak bere mamu aristokratikotik askatzeko duen gaitasuna probatzeko garaia da. Eta berriro Demokraziaz, besterik gabe, hitz egiteko, «parte-hartzailea», «deliberatiboa» edo «irekia» bezalako adjektiborik erantsi beharrik gabe.