Deliberaziozko mini-publiko bakoitza aukera bat da Deliberativarentzat eta arlo horretako profesional gehienentzat, zozketa zibikoarekin eta deliberazioarekin lotutako metodologiak hobetzeko eta, horrenbestez, prozesua zein haren emaitzak hobetzeko. Parte hartu dugun Horizon CLIMAS proiektua ere aukera bikaina izan da deliberaziozko mini-publiko bat antolatzera eta haren gomendioak ezartzera daraman kate osoari buruz hausnartzeko: prozesuaren gobernantza ezartzetik jarraipen-mekanismoak definitzeraino.
Zozketa zibikoaren esparruan, duela urte batzuk hobekuntza nabarmena sartu zen jarrera-irizpide bat txertatuta (adinaren, sexu/generoaren, hezkuntza-mailaren, egoera sozioprofesionalaren eta bizilekuaren ohiko irizpideei gehituta). Horri esker, planteatutako galderarekiko interes berezia izan zezaketen pertsonen aldeko joera edo mini-publikoa sustatu zuen alderdi politikoarekiko hurbiltasunaren araberako joera arindu edo ezabatu ahal izan zen (gobernantza plurala izan arren, deialdia egiten duenaren kolore politikoa izaten da ikusgarriena).
Lantzen jarraitzen dugun erronka nagusietako bat «edukien hornidura» deitzen duguna da; hau da, mini-publikoak eskuratu ahal izan behar duen informazio ulerterraza, askotarikoa eta orekatua. Egindako gomendioek ahalik eta eragin handiena izan dezaten ere kezkatzen gaitu.
Arlo honetan, aditu desberdinek siloetan partekatutako informaziotik muturreko agertokietan integratutako informaziora igarotzen saiatzen ari gara. Agertoki horiek aukera nagusiak ulertzen laguntzen dute, haien eragin positibo eta negatiboekin eta aukeren arteko orekin. Halaber, hitzaldi-formatuko transmisio bertikaletik elkarrizketa azkarretara igaro nahi dugu; horietan, adituak mahaiz mahai ibiltzen dira mini-publikoko kideen galderei eta kezkei erantzunez. Gainera, zuzenean kaltetutako herritarren ahots gehiago txertatu nahi ditugu, haien aniztasun osoan, baita gizarte zibilarenak ere.
Erronka bereziki handia da elikadura-sistemei buruzko Global Civic Assemblyren kasuan (GCA – Herritarren Batzar Globala). Batzarra 2026ko urtarrilean hasiko da, eta planetaren aniztasuna ordezkatzen duten 105 pertsona bilduko ditu sarean. Batzarreko kideen % 5ek baino gutxiagok du unibertsitate-titulua; beraz, ezinbestekoa da informazio-maila kideen profiletara egokitzea, partekatutako edukien konplexutasunari uko egin gabe.
Proiektu honetan, CLIMAS metodologiari jarraituz, dialak erabiltzen ari gara. Diala deliberazio-tresna bat da: erabaki konplexu bat aukera-ardatz mailakatu bihurtuz sinplifikatzen du. Markagailua alde batera edo bestera mugitzeak berehala erakusten ditu aukeren arteko orekak —hau da, aukera bat hautatzean besteari uko egin behar zaion egoerak, biak aldi berean izatea ezinezkoa delako—, baita erabaki kolektibo bakoitzari lotutako ondorioak eta konpromisoak ere.
GCAren adibide zehatz bat gehiegizko kontsumoaren eta lurzoru-erabileraren diala da. Dial horrek erabaki kolektibo bat adierazten du: munduko biztanleriaren zer proportziok manten ditzake animalia-produktu ugari dituzten dietak? Era berean, erakusten du kontsumo-maila horrek nola baldintzatzen dituen lurzoruaren erabilera, klima-egonkortasuna eta munduko elikadura-sistemaren erresilientzia. Dialak deliberazio globala errazten du, arazo abstraktu eta oso desberdin bat —dietaren, lurzoru-erabileraren eta klimaren arteko harremana— erabaki kolektibo ulergarri, esplizitu eta alderagarri bihurtzen duelako, eta pertsona guztiak esparru komun batean benetako aukeren arteko orekak aztertzera behartzen dituelako.
Ardatz bakarra finkatuta eta beste funtsezko hipotesiak konstante mantenduta, dialak eztabaida tekniko zatikatuak saihesten ditu eta testuinguru oso desberdinetako pertsonei aukera ematen die justiziaz, erantzukizunaz eta epe luzeko ondorioez informazio-oinarri beretik eztabaidatzeko. Horrela, elkarrizketa norbanakoen edo herrialdeen lehentasunetatik egiturazko galderetara eramaten du: zer kontsumo-maila da defendagarria gutxiengo baterako, munduko gehiengoaren klima- eta elikadura-egonkortasuna arriskuan jartzen badu? Horri esker, akordioak ez dira asmo moral hutsak, baizik eta partekatutako konpromiso eta kostuei buruzko erabaki kontzienteak.
Herritarren Batzar Globaletik ateratako ikaskuntzek hurrengo mini-publikoak elikatuko dituzte. Zeregin zirraragarria eta amaierarik gabea.