Deliberativan gobernuek edo parlamentuek abiarazitako deliberazio-prozesuetan lan egiten dugu batez ere, baina zozketa zibikoa —edo demokratikoa— eta deliberazioa ia edozein arlotan aplika daitezke. Som Energia energia-kontsumoko kooperatiba aitzindaria izan da Iberiar penintsulan: 2023 eta 2024 artean deliberazio-prozesu bat egin zuen bazkideen artean, erakundearen etorkizuneko lehentasunak zehazteko. Euskadin, 2025ean Arantzazulabekin eta beste erakunde batzuekin lan egingo dugu tresna horiek Mondragon Korporazioan nola txertatu aztertzeko.
TheJournal of Sortitionaldizkari berriaren lehen zenbakiak, 2025eko urtarrilekoak, zozketa hainbat jarduera-eremutara zabaltzeari buruzko zenbait artikulu biltzen ditu.
Oliver Dowlenek (1), esaterako, zozketa hiru konfiguraziotan erabil daitekeela dio:
- Funtsezko postuetan dauden herritar-talde txikiak, lekuko eta ikuskatzaile gisa jarduten dutenak eta erabakiak hartzeko organo zabalagoei lotuta daudenak.
- Deliberatzeko eta/edo erabakitzeko ahalmena duten herritar-talde zabalagoak.
- Aditu-talde txikien artean zozketa bidez esleitutako postuak.
Zozketa erabiltzeko modu horiek, besteak beste, honako esparru hauetan aplika litezkeela gaineratzen du: Konstituzio bat idazteko edo aldatzeko —Irlandan eta Kanadan jada gertatu den bezala—; justizia-arloan —ohiko herri-epaimahaitik harago—; hauteskundeak antolatzeko —bereziki demokrazia berrietan—; ordezkaritza-sistema politikoetan —deliberaziozko minipublikoen bidez—; armadan eta polizian; gastu publikoa kontrolatzeko, eta komunikabide publiko independenteak bermatzeko.
Zalantzarik gabe, proposamen horiek eta aldizkarian aipatutako beste batzuek etorkizuneko aplikazio emankorren hazia izan dezakete.
(1) Oliver Dowlen, A Framework for the Consolidation and Defence of Citizens’ Democracy. The Journal of Sortition, 2025